HasieraIkerkuntzaProiektuakGIRO. Zentro gerontologikoetan Pertsonarengan Ardaztutako Arreta Eredua jorratzeko produktu, ingurune eta zerbitzu berriak

GIRO. Zentro gerontologikoetan Pertsonarengan Ardaztutako Arreta Eredua jorratzeko produktu, ingurune eta zerbitzu berriak

Proyectos

 Ikertzaile nagusia:
Miguel Leturia
 Taldea:
Miguel Leturia, Judith Salazar, Ainara Tomasena, Álvaro García, Pura Diaz-Veiga

Gaur egungo arreta ereduak ez ditu adineko pertsona gehienen bizitza aurreikuspenak betetzen, ez ditu haien interes, eskubide eta gaitasunak kontuan hartzen, eta ez die erantzuten pertsonen aniztasunari eta lehentasunei.

Gaur egungo osasun eta gizarte babeserako ereduak adineko pertsonen kontzeptuaren aldaketari egin behar dio aurre. Gaur egun, bere burua zaintzeaz arduratzen den eragile aktiboa da adineko pertsona, eta berak erabakitzen du nola zahartu nahi duen. Ondorioz, gizarteak, oro har, eta laguntza zerbitzuen hornitzaileek, bereziki, estereotipo negatiboak alboratu, adineko pertsonak baliozkotu eta lan ereduak eta arreta sistemak aldatu beharko dituzte.

Adinekoek euren etxean zahartu nahi dutela adierazten dute behin eta berriro, nahiz eta mendekotasun egoeran egon eta bizitzako hainbat alorretan laguntza behar izan.

Hori ezinezkoa denean, ordea, “etxean bezala bizi” baieztapena bermatuko duten ordezko aukerak lehenesten dituzte: ostatu txikiak edota zentro tradizionaletan kokatutako bizikidetza unitateak, pertsonengan ardaztutako arreta ereduak jorratzeko aukera emango dutenak.

Azken buruan, paradigma aldaketa gertatu da arreta ereduan, eta profesionaltasun eta protokolizazio maila altua duten antolakundeetan eta segurtasunean zentratutako diseinu eta egituratik, pertsonarengan ardaztutako arreta eredu integral eta profesional batera igaro gara. Eta eredu berri horretan, adinekoen lehentasunak, eskubideak eta duintasuna dira esku hartzearen helburu nagusiak.

Hauxe da proiektuaren helburua: Pertsonarengan Ardaztutako Arreta Gerontologikoaren Ereduan oinarritutako zentro gerontologiko efizienteak eraikitzeko eta egokitzeko produktu, ingurune eta zerbitzu berriak sortzea, adinekoen beharrizan, gustu eta aurreikuspenak estaltzeaz gain, haien gaitasunen garapena, erosotasuna eta ongizatea ere bultzatzeko asmoarekin. Horretarako, inguruaren, arkitekturaren, ingurumenaren eta abarren ezaugarriak hartzen ditu kontuan, betiere egoitzetan bizi diren eta laguntza behar duten pertsonen ongizatearen harira.

Proiektuaren bidez, pertsona bakoitzaren inguruabar bereziei egoitza inguruan erantzungo dieten produktu eta zerbitzuak sortuko dira, eredu aldaketan oinarrituta. Eta eredu aldaketa horrek kultura aldaketa sakona ere ekarriko du, iraupen luzeko zaintzak behar dituzten pertsonen zainketan eta artapenean.

Zentro gerontologikoan dauden adinekoen osasuna, bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea da proiektu horren erronka, eta, horretarako, hainbat ildo teknologiko lantzen ari dira, pertsonarengan ardaztutako arreta ereduaren esparruan: ingurumenak pertsonaren ongizatean duen eragina, jarduera ez-inbaditzaileak, bizi kalitatea neurtzeko balio izango duten portaera ereduak, adinekoen ebaluazio objektiboa egiteko sistemak, adinekoentzako komunikazio eta gizarte sareak, adinekoentzako elikagai berriak, erosotasun moldagarria, argiaren eta soinuaren terapia eta erosotasuna, pertsonen ongizatea hobetuko duten arkitektura irtenbideak eta altzarietarako eta ekipamenduetarako material berriak, besteak beste.

Rezola Zentro Gerontologikoan ari dira jorratzen proiektua, bigarren solairuko modulu zentraleko Unitate Psikogeriatrikoan.

Finantzatzailea: Eusko Jaurlaritza, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila, Etorgai Programa, 2014

Partzuergoa

Hainbat erakundek eta enpresak hartu dute parte jardun horretan, nork bere espezializazio esparrutik, eta, horri esker, ikuspegi integrala eta espezializatua ez ezik, balio ekarpena ere landu da elkarlaneko prozesuaren baitan.

Hona hemen partzuergoko kideak: Eptisa (ingeniaritza eta arkitektura), Matia Fundazioa (arlo soziosanitarioa), Matia Institutu Gerontologikoa, Tecnalia, Dedo Multimedia (teknologia berriak eta Internet), Mugala Innova (sukaldaritzako berrikuntza), Giroa-Veolia (ekipamendu termikoak eta energia eraginkortasuna), B. Lux taldea (argiteria sistemak), Telesonic (irudia eta soinua) eta Gerodan (altzariaren diseinua eta fabrikazioa).


  • Eptisa

  • Matia Fundazioa

  • Matia Institutua

  • Tecnalia

  • Dedo Multimedia

  • Mugala Innova

  • Veolia

  • B. Lux taldea

  • Telesonic

  • Gerodan