Matia Fundazioak eta Matia Institutuak sektore soziosanitarioko eta beste arlo batzuetako eragileekin lankidetzan aritzea dute bokazio.
Hori dela eta, laguntzaile sare zabala du erakundeak, bai bertan bai nazioartean hedatua, bere Misioan aurrera egiten laguntzeko.
Jarraian, erakunde laguntzaileetako batzuk aipatuko ditugu. Xehetasun gehiago nahi izanez gero, kontsulta ezazu Proiektuen atala.
Matia Institutuak elkarlanean dihardu EHUrekin ere, hainbat esparrutan gainera: prestakuntzan (master, graduondoko eta doktoregoetan), ikerketan (gaur egun hauskortasunari buruzko proiektuetan jardunez) eta EHUko ikasleei praktika akademikoak eskainiz.
Gainera, Matia Institutua Euskampuseko kide da, sortu zenetik.
Nazaret Fundazioarekin lortutako lankidetza harremana ekimen espezializatu batean mamitu da, eta ezagutza espezializatua eskualdatzea ahalbidetuko duten baterako jarduerak gauzatzen ditugu. Elkarlan horri eskerrak, hezkuntza sistema eta lan mundua gerturatzea ere lortzen dugu.
Matia Institutuak bere aletxoa jartzen du neurozientzien arloan ere, Alzheimerren gaixotasunari eta beste dementzia batzuei buruzko ikerketetan eta zahartzeari buruzko proiektu estrategikoan, hauskortasunaren gaineko baterako ikerketetan parte hartuz.
Matia Institutuak lankidetzan dihardu Tecnaliarekin ere, bizi kalitatea eta zaintza hobetzera bideratutako teknologiak garatzen.
Aktiboki hartzen dugu parte Tecnaliako osasun saileko kontseiluan, gerontologiaren eta adineko pertsonen ikuspegia eskaintzen.
Fundacion Bancaria “la Caixa” erakundearekin ere elkarlan estua du Institutuak. Hitzaldiak eman ditugu fundazio horren ehungarren urteurrena dela eta autonomia erkidego guztietan egin diren 39 ekitaldietan, eta herritarrengan eragin handia izan duten ekimenak ere jorratu ditugu, besteak beste: «Ondo bizi, hobeto sentitu» proiektua eta «Lehenengo pertsonak: gu zaintzea nahiko genukeen bezala zaindu besteak» gutuna, parte-hartzean oinarritutako ikerketa prozesu handiaren emaitza.
Matia Institutuak lankidetzan dihardu Madrileko Unibertsitate Autonomoarekin ere. Ikerketaren eta ikerkuntza prestakuntzaren arloak ukitzen ditu batez ere, psikiatriaren, psikologia klinikoaren eta osasunaren alorretan.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin duen lankidetza-hitzarmenaren baitan, Euskadiko 55 urtetik gorako pertsonen bizi baldintzak ezagutzeko ikerketa egin ahal izan du, 2015ean, Matia Institutu Gerontologikoak. Ikerketa horretan oinarrituz, UNECEren Euskadirako Active Ageing Index delakoa kalkulatu eta 2015-2020rako Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategia egin ahal izan da.
Lankidetza ingurune horretan bertan, hainbat urte daramatzagu Euskadi Lagunkoia proiektuari laguntza teknikoa ematen, eta, esan beharra dago, euskal herritarren ongizatean eragin handia duela.
Matia Institutuak lankidetzako harreman estua du gerontologiako ekimenekin, diziplina ugaritan; hona hemen batzuk: