Egoitzetan dauden adinekoen erorikoak: inplikatutako faktoreak eta aurrea hartzeko azterketa
Geriatriaren definizioan, erorikoak sindrome geriatriko handietako bat dira; hain zuzen, morbimortalitatearen iturri garrantzitsua izanik, erabiltzailearen bizi kalitatean eragiten duen faktorerik garrantzitsuenetako bat ere badira. Erorikoa sindrometzat jo izan da, haren konplexutasuna, kausen aniztasuna, diziplina artekotasunetik heldu beharra eta agertzen diren zeinu eta sintomen ugaritasuna direla eta.
Pertsona zahartu ahala, hezurren muskulu masa murriztu egiten da eta, ondorioz, indarra gutxitu eta funtzionaltasuna eta autonomia galtzen dira. Datu horrek harreman zuzena du erortzeko arriskuarekin, gero ikusiko dugunez.
Erorikoak definitzeko hamaika modu daude, baina kontzeptu hori estandarizatzeko ahaleginean, ProFaNek (Prevention of Falls Network Europe, Lamb SE et al., 2005) hainbat definiziori buruzko adostasun bat kaleratu zuen; besteak beste, erorikoei buruzko definizio adostua: ustekabeko gertaera, zeinaren ondorioz partaidea lurrean edo maila bat beherago agertzen den. OMEren Global Report on Falls prevention in Older Age (2007) txostenaren arabera, erorikoa nahigabeko mina eragiten duen kanpoko kausa da.
Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean (CIE-9en) gaixotasuntzat agertzen da, E-880-E888 kodearekin, eta CIE-10 sailkapenean ere bai, W00-W19 kodearekin. Cochraneren berrikuspenaren arabera (Zecevic, A.A., et al., 2006), azterketa askok ez dute erorikoaren definiziorik zehazten eta, ondorioz, zailagoa da datuak aztertu eta azterlan batzuk eta besteak alderatzea.