Etxean Bizi

Proyectos

 Ikertzaile nagusia:
Mayte Sancho
 Taldea:
Maider Azurmendi, Nerea Etxaniz, Álvaro García

 

«Bizi luzetasunaren iraultza» gure gizartearen egitura demografikoa eta Gipuzkoako gizartearen errealitatea bera aldatzen ari da.

 

Gipuzkoako errealitate demografikoa desberdina da eskualdearen eta udalerriaren arabera. Herrialde horretan, biztanleria osoaren % 21,30ek 65 urte baino gehiago ditu eta % 3,4k 85 urte baino gehiago.

Adineko gehienek etxean eta beren ingurunean zahartu nahi dute, baita mendekotasun egoerak agertzen zaizkienean ere. Duela askotatik ona, iritzi hori argi eta garbi nagusitzen da. Datu hori eta antzerakoak erabiltzen dira zaintzen alorreko gaur egungo ikuspegien oinarritzat, adinekoak etxean irauteko ahalegina egin eta hori hala izateko behar diren baliabideak bideratzen baitira horretara. Eta ezinezkoa bada, etxebizitza baten ahalik eta antz handiena duten ostatu aukerak bilatzeko ahalegina egiten da.

Bakarrik bizi diren pertsonen kopuruaren gorakadak (eta beraien adinaren gorako bideak) bizikidetza eredu berriak sendotzea ekarri du. Familien osaera nola aldatu den ikusteko datu esanguratsua.

Generoak ere badu eragina, bi dimentsio garrantzitsutan: alde batetik, adineko emakume gehiago daude, gizonezkoek baino bizi-itxaropen luzeagoa dutelako eta, beste aldetik, emakumeek zaintzen alorrean betetzen duten eginkizunagatik, hala zaintzen ardura hartzen duen senideei nola zaintzetako profesionalei dagokienez.

Bizi-itxaropena luzatzen ari da, desgaitasunik gabeko urteen kopurua ere bai, baina baita laguntza handiko premia dagoen bizialdia ere. Izan ere, gero eta luzeagoa da laguntzen premia izaten dugun bizialdia.

Eta errealitate horri erantzuteko, mendekotasun egoeran dauden adinekoei zuzendutako prestazioen eta zerbitzuen estaldura eskaintzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Halere, gogoeta egin eta estaldura sare hori egokitzeko premia ikusten dugu, mendekotasunak, pertsonen lehentasunek eta gaur egungo egitura demografikoak sortzen dituzten eskari berriei erantzun ahal izateko.

Horrenbestez, hainbat elementu biltzen zaizkigu: ohiko etxebizitzan bizi izaten jarraitzeko gogoa eta bizi-itxaropenaren luzapena, bai desgaitasunik gabeko aldian, bai mendekotasun egoerako aldian. Inguruabar horiek guztiak batuta, mendekotasun egoeran dauden adinekoak etxean artatu beharraren gai garrantzitsua azaleratzen da.

Izan ere, geroz eta errealitate konplexuagoa dakar, gaur egungo zerbitzuetan oinarrituta, mendekotasun egoera larrian izanik etxebizitzan jarraitu ahal izateak. Horiek horrela, askotan egoitzako plaza hartzea erabakitzen du jendeak. Alabaina, erabaki hori ez da berezkoa izaten; normalean gainerako bide guztiak agortu ondoren hartzen da, eta zailtasun eta higatze handia dakarkie neurri horiek eragiten dien pertsonei. Sarri askotan hasieratik saihestu nahi izan den erabakia izaten da, inoiz hartzerik espero ez zena.

Mendekotasun egoeran dauden pertsonak etxebizitzetan zaintzeko bideak egungo sistema hobetu eta egokitzeko konpromisoa eskatzen du, errealitate berriak bistaratzen digun egoerara egokitzeko.

Datuek argi eta garbi adierazten digute gizarte berrikuntzako ekimen berriak behar direla laguntza behar duten adinekoen arretan etorkizuneko premiak ez ezik, gaur egun ere premiak direnei erantzuteko. Kasu honetan, etxeetan ematen den arreta berritu beharra dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde osoko etxez etxeko arretarekiko konpromisoa hartu du eta konpromiso horrekin bat egin dute Elgoibarrek, Errenteriak eta Pasaiak, arretako berrikuntza aztertu eta alor horretan esku hartzeko bitartekoak jarri baitituzte. Hori guztia, Foru Aldundiko Osasun Departamentuaren eta udalerrietako anbulatorioen laguntzarekin. Matia Institutuak zuzendu eta koordinatuko du proiektua.

Alderdi guztien konpromiso eta hausnarketaren ondorioz sortu da ETXEAN BIZI, ahultasun edo mendekotasun egoeran egonik euren ingurunean bizi izaten jarraitu nahi duten pertsonei bideratutako laguntza eta arreta eredua birformulatzeko asmoz.  Eusko Jaurlaritzak eta Matia Institutuak sustatutako Etxean Ondo esperientzian du jatorria. Esperientzia horrek Gipuzkoako etxebizitzetako arreta eredua egokitu nahi du, etxebizitzetan arreta integrala emateko bidea garatuz. Arreta integral hori, gainera, pertsonengan ardaztutako arreta ereduan oinarrituko da.  Arreta proposamen horrek alderdi guztiak, arretan parte hartzen duten eragile guztiak, erakarri eta bildu nahi ditu: familia, gizarte zerbitzuak, EELZ, lehen mailako arreta eta osasun alorreko arreta, etxeko langileen eta zaintzaileen sektore garrantzitsu bezain ikusezina, laguntzaile pertsonalak, boluntarioak eta komunitate sareko kideak, hurbileko zerbitzuak, Lagunkoia mugimendua eta abar luze bat. Horiek guztiak garrantzi handikoak dira, etxebizitzetan bizi diren pertsonen eta ingurukoen ongizatea laguntzeko balioa ekartzen duten heinean. Kasuaren Gestoreak koordinatuko ditu eragile horiek guztiak; izan ere, profesional horrek oso hurbiletik bizi du pertsona eta etxean bizi duena; mendekotasun egoeran dagoen pertsona lagundu eta ahaldundu egiten du, eta nolako laguntza eta zaintza jaso nahi duen erabakitzeko protagonista bihurrarazi.

Proiektu horrek pertsonaren bizi kalitatea eta ongizatea hobetu nahi ditu. Abiapuntua, betiere, pertsonaren duintasuna eta eskubideak, interesak eta lehentasunak errespetatzea. Horretarako, pertsona bera eta haren parte hartze aktiboak dira «protagonistak». Autonomia lehenesten da, pertsonaren kontzepturik zabalenean, eta norberaren bizitzako erabakiak hartzeko autonomia azpimarratu.

ETXEAN BIZI proiektuak arreta integraleko eredua, pertsonengan ardaztua, izan nahi du Gipuzkoako lurraldean. Arreta proposamen horrek etxean bizitzen jarraitu nahi duten pertsonei erantzun nahi die, nahiz eta mendekotasun egoera larrian egon. Arreta proposamenak zaintzan parte hartzen duten alderdi guztiak balioztatu nahi ditu: zaintzekin konprometitzen diren senide hurbilak izan, zaintzako profesionalak izan, batzuetan oharkabean igarotzen diren etxeko langileak izan. Zaintzak koordinazio soziosanitariotik nahiz hurbileko zerbitzuetatik integratuko dira aldi berean (esparru publikoko, pribatuko eta mistoko zerbitzuetatik).

ETXEAN BIZIk etxean bizi izateko beste modu bat izan nahi du. Norberak nahi duen bezala bizi izatea, nola bizi nahi duen erabakitzeko eta bizitza proiektu hori diseinatzeko behar den laguntzarekin. Etxean BIZI IZATEN laguntzeko formula izan nahi du.

Helburuak:

2.1 Proiektuaren helburuak

  • Euren etxeetan bizi diren pertsonengan ardaztutako arreta soziosanitario integratuko eredu iraunkorra identifikatzea, pertsona horien eta familia ingurunearen bizi kalitaterik onena lortzeko behar diren zerbitzu eta laguntzak koordinatuz.

Helburu orokor hori lortzeko, funtsezko alderdietan aurrerakuntza esanguratsuak egin behar dira nahitaez. Adibidez:

  • Laguntza behar duten pertsonek etxean nola bizi nahi duten errespetatzea, etxean duintasun baldintzetan bizi daitezen ahalik eta luzaroen.
  • Zahartzaroan autonomia eta bizi kalitatea sustatzea, pertsonengan ardaztutako arreta eredu integral baten esparruan, beharrizanetarako erantzun arin eta malgua bermatzeko.
  • Pertsonak gizarteko eta lagunarteko bizitzan ahalik eta luzaroen irauteko ahalegina bateratzea, pertsonen eta beraien ingurua errealizatzeko eta ongizatea areagotzeko.
  • Metodologia berritzaileak identifikatzen jarraitzea, hala ezagutzaren sorreran nola esku-hartzean bertan, arreta berezia eginez Kasuaren Gestorearen figura profesionalaren konpetentziei eta trebeziei.
  • Azken buruan, Etxean Bizi proiektuak hipotesi nagusi bat zehazten du: arreta hurbiltasunetik emateko eredu batetik abiatuta, programak eta zerbitzuak koordinatuz gero, egoki erantzun dakiekeela mendekotasun egoeran dauden pertsonen eta etxeko zaintzaileen beharrizanei eta lehentasunei.

Era berean, kostuan eraginkorra izatea, enplegua sortzea eta laguntza behar duten pertsonen, beraien familien eta bizi diren lurralde osoaren bizi kalitatea hobetzeko balio izatea espero da. Aldi berean, gainera, mendekotasun egoeran daudenen eta gainerako herritarren arteko lagunkoitasun mugimendua sustatzeko baliagarria ere izan liteke. Azken batean, pertsonengan ardaztutako esparru kontzeptual batetik abiatuta, baliabideak koordinatu eta optimizatzea da proiektuaren gakoa.

Partzuergoa