FRAILTEK
Proyectos
FRAILTEK: hauskortasunaren sindromea identifikatu eta balioztatzera zuzendutako tresna eta produktuak garatzeko estrategia berriak.
Zahartzea fenomeno globala da, eta gero eta hedatuago dago gizarte aurreratuetan. Ikuspegi holistikoan aukeratzat har daiteke, baina lehen mailako erronka sozioekonomikoa ere badakar. Izan ere, banaketa demografiko berri horrek desoreka garrantzitsuak eragiten ditu gizarte eta osasun arretako sisteman, eta sistema horren iraunkortasuna bera arriskuan jar dezake herrialde aurreratuetan (eta, horien artean, Euskadin). Europan, estatuan, erkidegoan nahiz ekonomia aurreratuko beste herrialde batzuetan administrazio publikoek sustatzen dituzten politika publikoek eta ikerketa, garapen eta berrikuntza estrategiek zahartze prozesuaren inguruko ikerketa lehenesten dute, eta, horretan baitan, bereziki, zahartzaro arrakastatsua izateko eta mendekotasunari aurrea hartzeko funtsezko aldagaiak identifikatzeko jarduna.
FRAILTEK proiektuaren erdigunean, hauskortasun sindromea dago. Egoera horretan faktore ugarik hartzen dute parte, eta erreserba funtzionala eta egokitzeko gaitasuna gutxituta dituzten adinekoen artean asko-askotan agertzen da. Autonomia galdu aurreko ohiko egoera da, eta, ondorioz, mendekotasunaren ataritzat jo daiteke. Alabaina, hauskortasuna, mendekotasuna ez bezala, itzulgarria da. Horregatik, egoera hori goiz antzeman eta egoki balioztatuz gero, mendekotasuna saihestu edo atzeratzeko aukera izango genuke, eta, horrela, pertsona horien bizi kalitatea hobetzeaz gain, gizarteak, familiak eta osasun sistemak mendekotasunari erantzuteko egin beharreko gastua kontrolatzen lagunduko genuke.
Ikerketaren eta berrikuntzaren esparruan, hala zerbitzuetan nola teknologian, gero eta pisu handiagoa du subjektu ahulak identifikatzeko eta balioztatzeko prozedura antzemateko jardunak. Horixe da, hain zuzen, proiektuaren helburua: ohiko identifikazio eta balioztatze bideak osatzeko metodo berritzaileak bilatzea, hauskortasuna identifikatzeko eginkizuna sistematizatu eta gaur egungo laguntza prozeduretan txertatu ahal izateko.
Faktore ugari biltzen dira hauskortasuna sortu eta garatzeko prozesuan, eta, beraz, alderdi funtzionalak, kognitiboak, jokabideari lotutakoak nahiz biologikoak hartu beharko dira aintzat. Orain arte sindrome hori aztertzeko bide partzialak nagusi izan badira ere, partzuergo honek gaitasuna du bide horiek guztiak elkarlanean oinarritutako proiektu bakarrean txertatzeko. Horixe da, hain zuzen, FRAILTEKen funtsa. Hauskortasunaren ikuspegi holistikoa landuko du, lehen aipaturiko osagaiak aintzat hartu eta den-denak aztertu eta balioztatzeko. Hauskortasunaren sindromeari osotasunetik heltzeko bide horrek ikuspegi berritzailea dakar. Ildo horretan, arlo klinikoan, sanitarioan, ekonomikoan eta sozialean balioa emateko potentzialtasun handia edukitzeaz gain, arreta soziosanitariora eta industria ehunera eramateko aukera ere ematen du.
Helburuak:
Hauxe da FRAILTEK proiektuaren helburu zientifiko-teknologiko nagusia: hauskortasunaren dimentsio aniztasunaren ezagutzan sakontzea (hauskortasuna autonomia galeraren aurreko fasea eta “mendeko pertsona” bihurtzeko ataria dela ulertuz); hauskortasuna identifikatu eta tratatzeko estrategia berritzaileak prestatzea; gero eta pisu handiagoa duen osasunari lotutako zahartzearen sektorera zuzendutako produktu eta zerbitzuen gama berriari eutsiko dioten osagai teknologiak jorratzea; eta emaitzak EAEko industriara eramatea.
Deskribatu berri dugun helburua bi xede estrategikotan bana daiteke, eremu zientifiko-teknologikoan; hauek dira:
- Ikuspegi global eta integratzaile batetik abiatuta, hauskortasun sindromea osatzen duten sintomen eta ezaugarrien ezagutzan aurrera egitea, sindrome horren dimentsio aniztasunari nahiz substratu biologikoari erreparatuz.
- Adineko hauskorraren sindromea ikuspuntu integratzaile batetik ezaugarritzea, gaitasun funtzionala, kognizioa, faktore psikosozialak, morbilitate anitzeko patroiak, osasun eta gizarte baliabideen erabilera, bizitzeko erak eta geruza biologikoa aintzat hartuz.
- Hauskortasunari osotasunean heltzeko protokoloa, lehen mailako arretan ezartzeko modukoa, proposatzea.
- Hauskortasuna aztertzeko eredu aurreklinikoak sortzea.
- Oinarri teknologikoko irtenbideak garatzea, gaur egun pertsona hauskorrak identifikatu eta beraien balorazio klinikoa egiteko erabiltzen diren metodoak berritu eta hobetzeko. Irtenbide horiek, gainera, egoera horri aurrea hartzeko eta ondoren tratatzeko entrenamendu jardueretarako euskarritzat balio behar lukete.
- Eserketa aztertzeko metodo eta tresna berriak garatzea.
- Oreka posturalaren balorazio osoa egiteko eta horren inguruan entrenatzeko metodo eta tresna berriak garatzea.
- Aldi berean gaitasun funtzionala eta egoera kognitiboa neurtzeko metodo eta tresnak garatzea.
- Hauskortasunari lotutako bizitza patroiak identifikatzea.
- Hauskortasuna ahalik eta metodo ez-inbaditzaileenarekin eta helburu zorrotzagoak erabiliz goiz antzemateko metodo biologiko berriak garatzea.
- Hauskortasuna baloratzeko metodo eta tresna analitikoak jorratzea.
Proiektuak, gainera, emaitzak gorabidean dagoen osasunerako produktu eta zerbitzuen merkatura transferitzeko helburu garrantzitsua ere badu.
Emaitzak
Proiektuan espero diren emaitzak ezagutza zientifikoan eta garapen teknologikoan zentratzen dira. Hona hemen FRAILTEK proiektuaren funtsezko ekarpenak hauskortasunaren azterketan:
Hauskortasunaren aurreko, hauskortasuneko edo mendekotasuneko sintomak dituen pertsona osotasunean identifikatu eta karakterizatzeko metodo eta prototipoak zehaztea, partzuergoak gaiari heltzeko erabiltzen duen sistema eta diziplina anitzeko bidearen bitartez.
Gaiari ekiteko bide horrek hauek biltzen ditu bere baitan:
1. Gaitasun funtzionalari buruzko azterketa kuantifikagarria, fidagarria eta zehatza,
- horren baitan hartuta oreka posturalaren balorazioa, hauskortasuna eta erortzeko arriskua identifikatzeko seinaletzat. Tresna horrek oreka balioztatzen du, hala egoera estatikoetan nola mugimenduan, bai eta pertsonek jarrera egokitzeko duten gaitasuna eta horretarako entrenamendua ere.
- Horretarako, eserketaren dinamikaren azterketa hartzen du gaitasun funtzionalaren neurritzat; hau da, pertsonak bere pisua nola askatzen duen aulki batean eta pisu hori lekualdatzeko zer gaitasun duen. Izan ere, ekintza horretan emandako denbora neurtzea baino metodo fidagarriagoa eta zehatzagoa dela uste dute proiektuaren bultzatzaileek. Xede horrekin, neurketa hori egiteko gai izango den garapen teknologikoa proposatu dute.
2. Funtzio fisikoaren eta kognitiboaren azterketa integratua: proiektuak hauskortasuna identifikatzeko proba berritzaile bat proposatzen du, ataza fisiko-kognitibo konbinatu (dual task) bat eginez, gaur egun egiten den bi dimentsioen azterketa bereiziaren ordez. Tresna horren ezarpena sistematizatzeko, bi funtzioak aldi berean neurtzeko gaitasuna duen garapen teknologikoa erabiliko da.
3. Pertsona hauskorren bizi ohituren azterketa. Hau da, erreserba fisiologikoa gutxitu izanari erantzunez, pertsonak eguneroko bizitzako jarduerak (fisikoak nahiz gizartearen alorrekoak) gauzatzeko egin behar izan dituen portaera egokitzapenak, bizi den eremua kontuan hartuta eta bizitokiari arreta berezia eskainiz. Horretarako, bizi ohiturak eta patroiak eta jarduera fisikoa, batetik, eta aldagai psikosozialak (hauskortasunaren pertzepzioa, bakartasuna, emozioak...), bestetik, batera monitorizatzea proposatzen da.
3. Markatzaile genetiko eta biokimikoen azterketa, pertsona hauskorrak identifikatzeko. Pertsona hauskorrak bildu eta karakterizatuko duen patroi genetikoa eta molekularra identifikatuko da. Patroi hori kontzeptu probatzat erabiliko da, etorkizunean diagnostikorako kit bihurtzeko asmoz.
5. Aurreko ataza horiek guztiak proiektuan sortutako informazioan eta elkarlaneko dinamikan oinarritutako diziplina anitzeko ikuspegitik landuz gero, aztertutako banakoen hauskortasuna dimentsio aniztasunetik karakterizatzea lortuko dugu eta, aldi berean, aztertutako estrategia diagnostikoen ahalmenak balioztatzea. Ondorioz, hauek lortuko ditugu:
- Hauskortasunari era integralean heltzeko protokolo bat, esparru funtzionala, kognitiboa, portaerakoa eta biologikoa aintzat hartuko dituena eta arreta soziosanitarioaren esparruan ezartzeko egokia izango dena.
- Ikuspegi global horren bidez eskuratutako datu guztiak bilduko dituen plataforma adimentsua, pertsona hauskorraren eta haren inguruaren adierazpen konputazionala taxutzeko balio izango duena.
Asmoa da TRL5eraino ere iritsiko diren garapen teknologiko horiek benetako baliagarritasuna eta erabateko onarpena izatea EAEko sistema soziosanitarioan. Ildo beretik, berrikuntza eta aurkikuntza horiek guztiak EAEko industria ehunera transferitzeko asmoa dago, industria horren merkatu estrategiak osasunerantz bideratzen laguntzeko. Helburua: produktu horiek ospitaletan, tokiko eta nazioarteko zentro soziosanitarioetan eta adineko pertsonen etxeetan sartzea. Identifikazio goiztiarrerako eta baloraziorako produktuak IKT teknologietan, elektronikan, fabrikazioko teknologia aurreratuetan eta bioteknologian oinarrituko dira, eta aukera egongo da gaitasun batzuk (hala nola, egonkortasuna eta oreka posturala) entrenatzearen alorrera ere zabaltzeko. Lehen mailako arreta zentroetara, etxeetara eta mugikortasunera ere zuzendutako produktuak dira.
Partzuergoa
IIS BIODONOSTIA
CEIT-IK4
CIDETEC.IK4
IK4.TEKNIKER
VICOMTECH.IK4
Matia Institutua
EHU