Usurbil Experience School
Proyectos
Usurbilgo Esperientzia Eskola 55 urtetik gorako Usurbilgo herritarrek, lan mundua utzi ostean, esperientziak landu, elkar-trukatu eta ezagutza berriak eurenganatzeko proiektua da. Partaideen garapen pertsonala sustatzea du helburu, ikuspegi fisiko, psikiko eta sozial batetik. Bide bertsutik, taldeak herri-mailan eta gizartean eragiteko duen ahalmena ere lantzen da; hau guztia errealitate soziala aztertzeko eta interpretatzeko bitartekoak emanaz. Proiektu honen bitartez ikasketa prozesuan aurrera egitea eta elkarbizitzarako pausuak eman nahi dira. Horrela, konpetentzia hauek guztiak sendotzeko egokitzat ematen diren estrategia metodologiko ezberdinak prozesu osoaren ardatz finkatu dira. Formazio eredu hau hausnarketan oinarritzen den prozesu aktibo eta parte-hartzailea da. Bestela esanda, hausnarketatik eratortzen den ikaste-prozesua da, eta zentzu honetan, partaideen garapen edo ikaskuntza horretan ateratako probetxua esanguratsua eta luzarokoa izan dadin, irakasleen arreta profesionalaz osatutako Esperientzia Eskola atondu da.
Usurbilgo Esperientzia Eskolak, finean, formazio eredu berri batean kokatzen gaitu: partaideen ikasketa eta esperientzia propioa lantzea helburu izanda, bai hausnarketan eta baita bizitza osoan zeharreko praktika errealetan oinarritzen den formazio eredu parte-hartzaile ere bihurtu da.
Azken urteotan, Hezkuntzaren etapa guztietan egin diren erreformetan konpetentziak garatzeko beharra azpimarratu da; hauek pertsonen garapenerako erabat funtsezkoak dira, bai maila indibidualean eta baita herritar gisa ere. Bizitza osoan zeharreko ikasketa ekimen honek, pertsona prozesuaren erdi-erdian kokatzen du. Helburua pertsonak gizarteko herritar aktibo gisa garatzea da, eta ondorioz, jasoko duten prestakuntza ez da izaten, besterik gabe, gaitasun profesionalak eskuratzeko edo dagoeneko badituztenak sendotzeko; areago, gaitasun pertsonal eta sozialak eskuratzeko ahalegin berezia egiten da. Ikaskuntza eredu berri honek, funtsean, erregistro-aldaketa dakar; pertsona da ikaskuntzaren erdigune.
Egia esan, pertsonaren eskaritik abiatuta ari gara hitz egiten eta ez eskaintzatik; beharretatik abiatuta eta ez eskaini daiteken ezezagun den guzti horretatik. Ikasketa prozesua, bizitzaren une batean gertatzen dela pentsatzetik, pertsonaren bizitza osora luzatzen dela pentsatzera igaro behar da. Begibistakoa da, zentzu berean, ikasteko modu malguagoak finkatu beharra ere badakarrela aldaketa horrek.
Zentzu honetan, Matia Fundazioak proiektu bati eman zion hasiera 1998ko maiatzean. Behin erretiroa hartzen den unetik, pertsona helduak egoera onean mantentzea eta norberaren gaitasunak garatzea helburutzat duen ekimena, hain zuzen ere. Bizi-kalitatearen hobetzea eta parte-hartzea bultzatzea lirateke oso kontuan izan beharreko bi hitz gako.
Horren harira, 1999an ikerketa soziologiko bat eskatu zitzaion Elzo irakasleari. Ikerketa hori Gipuzkoako 55-75 urte bitarteko 1.007 pertsona helduri zuzendu zitzaien, eta euren lehentasun, joera eta zaletasunak aztertu ziren, besteak-beste. Ikerketa horretatik eratorritako emaitzekin, urte berean, proiektu berri bati eman zitzaion hasiera: “Zabaltzen” zeritzana.
Eta jatorri horretatik abiatu zen, estreinekoz, Esperientzia Eskolaren proiektua: pertsona helduen bizitza kontzeptuan eta hauek gizartean izan dezakaten parte-hartzean sustrai indartsuak errotuz.
Partaideen lehentasunen arabera guztiz egokitutako esperientzia eredua eskaintzen du Usurbilgo Esperientzia Eskolak. Prestakuntza-proiektu hau ezagutzaren alderdi praktikoan, integrazioan eta parte-hartze sozialean dago oinarrituta. Hala, ikasturtea iraila eta ekaina bitartean luzatzen da, eta astean bi orduko saio solteak antolatzen dira. Gai-zerrenda oso zabala lantzen dute partaideek: erlaxazioa, komunikazioa, informatika, musika, literatura, landare-zaintza eta abar luze bat. Hau guztia oso modu ireki eta parte-hartzailean burutzen da, eta partaideek ez dute inolaz ere aurretiazko esperientzia edo ezagutzarik erakutsi behar. Zentzu honetan, taldeak berak ezartzen du edukiak lantzeko intentsitate eta abiadura.
Bide beretik, Usurbilgo herri onurarako aplikazio erabat praktikoa duen proiektu bat lantzen da ikasturtean zehar. Areago, Udalak dagoeneko martxan jarriak dituen zeinbait jardueraren jatorri izan dira Usurbilgo Esperientzia Eskolan landutako proiektuetatik eratorritako ondorioak.
Objectives
Urtetik-urtera, oinarri batean behintzat, mantentzen diren ikasgaiak egon arren, hauei hedadura zabalagoa eman nahi izan zaie, eta ikasturte osoan landutako gaiekin ahalik eta ikuspegi integratzaileena burutu da; integratzailea diogu edukiak eta partaideen arteko moldaketei dagokionez, eta integratzailea baita partaideek erakutsi dituzten lehentasun eta gustoko gaiei dagokienez ere.
Gizarte parte-hartzaileago, kulturaniztunago eta iraunkorrago bat sortzeak gaitasun pertsonalak hobetzea eskatzen du, herritarrak gizarte konplexuago batean ondo molda daitezen. Bestetik, herritarren hezkuntza-maila eta bizi-itxaropena igo izanak, ikasteko behar berriak sortu ditu garapen pertsonalari lotuta. Teknologia berrien agerpenak ere ikaskuntza, gaitasun eta trebakuntza profesionalak etengabe egokitu eta birdefinitu beharra eskatzen du. Gauzak horrela, esperientzia eskolan eskainitako prestakuntza beste ikuspegi batetik lantzen da, ezagutzaren gizarteak dituen erronka berriei aurre egin ahal izateko baliabide berriak eskainiaz.
Results
"Oso zaila egiten zitzaidan, orain arte, jende aurrean hitz egitea. Ez nintzen talde baten aurrean elkarrizketa bat lasai aurrera eramateko gai ikusten".
"Betidanik izan dut ikastea gogoko. Behin eta berriz errepikatzen diet nire lagunei zeinen garrantzitsua den niretzako Eskola hau; bere partaide naizen heinean, bera ere nire parte dela sentitzen dut.
"Egia esan, arrazoi pertsonalak direla eta, ezin izaten dut saio guztietara etorri. Hala ere, taldeko nire lagunei esker, arreta eta gogo biziz jarraitzen ditut Eskolan lantzen diren gai guztiak".
"Saioak oso labur egiten zaizkit. Sarritan, hurrengo asteartea noiz helduko den zain egoten naiz".
"Eroso, lasai eta errekonozitua sentitzen naiz. Esaten dudana entzuten didate, eta besteek kontatzen dutenari ekarpenak egiten dizkiot".