Adinekoekiko Euskal Estrategia
Bizitza luzearen iraultza, egungo gizarteak aurre egin behar dien erronka sozial eta ekonomikoetako bat da. Erantzun gisa, politika publikoek hainbat estrategia garatu dituzte zahartzen ari diren pertsonen ongizatean eta zaintzan aurrera egiteko, baina baita gizartea zahartze-prozesu horretara nola egokitu ere, bizi-zikloaren ikuspegitik.
Ikuspegi berri horretatik abiatuta, Eusko Jaurlaritzak Adinekoekin 2021-2024 aldirako Euskal Estrategia berria prestatu du. Zahartze-prozesuari adinekoen protagonismo aktibotik heltzeko eredu berri bat sortzeko beharrean oinarritutako estrategia da, eta printzipio hauek ditu oinarri: berdintasuna, aniztasuna, ekitatea, autoerrealizazioa, baterako sorkuntza eta belaunaldien arteko elkartasuna.
Horietan oinarrituta, euskal estrategiak bost esku-hartze ildo garatzen ditu, helburu hauek dituztenak: herritartasun aktiboa sustatzea, eskubideetatik, partaidetzatik eta komunitate lagunkoietatik abiatuta; trantsizioak eta bizi-proiektuaren garapena erraztea; autonomia aurreratzen, prebenitzen eta sustatzen laguntzea; zaintza sozialen politika eta iraupen luzeko zaintza-eredu berri baterako trantsizioa sustatzea; eta jakintza sortzea, ikerketatik eta berrikuntzatik eta silver economy delakoaren sustapenetik abiatuta.
Dokumentu honen lehen zatian, Euskadiko bizi-luzetasunaren joeren azterketa, zahartzeari buruzko nazioarteko, estatuko eta EAEko politiken azterketa eta estrategia hori diseinatzeko erabilitako metodologia deskribatzen dira. Ondoren, ikuspegiaren, helburu orokorren eta printzipioen atalak datoz, horiek baitira hura arautzen duten esparrua.
Ondoren, hurrengo urteetarako hartutako helburuak eta konpromisoak jasotzen dituzten bost Esku-hartze Ardatzak datoz.
- I. ardatza. Herritartasun aktiboa
- II. ardatza. Trantsizioak eta bizi-proiektua
- III. ardatza. Autonomia eta hauskortasuna
- IV. ardatza. Arreta eta Zainketak
- V. ardatza. Ikerketa eta berrikuntza
Eta, azkenik, hartutako helburuak eta konpromisoak praktikan egituratuko dituzten trakzio-proiektuak. Gainera, eranskin gisa, Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategiaren (EVEA) 2015-2020 ebaluazioaren laburpena sartu da. Ebaluazio horren ikaskuntzak ere izan dira dokumentu hau diseinatzeko oinarria.