Dementziekin lagunkoia den etxebizitza baterako gida
Gida hau dementzia duten adineko pertsonei edo zahartze prozesuan direnei eta haien zaintzaile eta inguruko pertsona eta senitartekoei bideratuta dago. Dementzia duten pertsonen behar bereziak identifikatzeko informazio erraza eta erabilgarria eskaintzen du, eta gure etxea egoera horretara egokitzeko aukerak aztertzen ditu.
Dementzia duten pertsonen eta horien zaintzaileen ikuspuntutik landutako materiala da. Atalka antolatuta dago, etxebizitzako gelen arabera: logela, sukaldea, bainugela, egongela eta abar. Horietako bakoitzeko elementuen inguruko aholkuak eta gomendioak biltzen ditu. Gainera, atal batean, dementziaren garapenean sor daitezkeen arazo batzuei aurre egiteko proposamenak jaso dira.
Gida Euskadi Lagunkoia ekimenaren barruan sortu da. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Matia Institutuaren lankidetzarekin sustatu du hiri lagunkoien sarearen ekimena. Adinekoen eta, oro har, herritarren partaidetza sustatzea du helburu, hala Euskadiko udalerrietako auzoak eta inguruak hobetzeko. Ekimenak lantzen dituen arloen artean dago etxebizitzarena; izan ere, etxea funtsezkoa da pertsonen segurtasunerako eta ongizaterako. «Etxean zahartzea», azken hamarkadetako politika publikoetako goiburu izateaz gain, pertsona gehienen nahia da.
Etxebizitza egokia, erosoa eta norberaren beharren arabera moldatutakoa izatea bermea da autonomiari eta bizi-kalitateari eusteko. Baita dementzia duten pertsonentzat eta egunerokoan haien laguntzaile direnentzat ere.