ETXEAN ONDO proiektua, etxe eremua. Pertsonengan Ardaztutako Arreta Eredua
Proyectos
Etxean Ondo proiektuaren asmoa da hauskortasun edo mendekotasun egoeran izanik ere beren etxean bertan bizi direnekin pertsonarengan ardaztutako arreta eredua ezartzea eta baliozkotzea.
Proiektuak funtsezko printzipio batzuk ditu ardatz (autonomia pertsonala eta arretaren jarraitutasuna, besteak beste) eta bat dator gaur arte sortutako ebidentzia zientifikoarekin eta nazioarteko —desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko konbentzioa, 2006— nahiz estatuko —Autonomia Pertsonala eta Menpekotasuna duten Pertsonen Arreta Sustatzeko Legea, LAPAD— arautegiekin.
Beste alde batetik, eredua bat dator EAEko Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legean azaltzen denarekin eta, dagokion zatian, Euskadin kronikotasunari aurre egiteko estrategiarekin eta Arreta soziosanitariorako esparru agiriaren gidalerroekin.
Horrela, bada, gizarte zerbitzuen (lehen nahiz bigarren mailakoen) eta beste sektore batzuen —etxebizitza, hezkuntza, herritarren partaidetza...— arteko koordinazioan oinarritzen da. Berebiziko garrantzia aitortu zaio osasun sistemarekiko koordinazioari, egiaztatzeko arreta soziosanitario koordinatuak sistema publikoen eraginkortasuna handiagotzen duela, eta erabiltzaileei orotariko zerbitzuetan ibilbide arina, integrala eta jarraitua eskaintzen diela.
Arreta pertsonalizatu eta integralean aurrera egiteko, etxez etxeko arretako esperientzietan funtsezkotzat jo da erreferentziako profesionalaren figura, 12/2008 Lege horrek berak erabiltzaile edo familia bakoitzari esleitzea xedatzen duena. Proiektu horretan, kasuen kudeaketaren metodologiari jarraiki jarduten dute profesionalok, arreta ibilbideetan koherentzia eta esku hartzeen koordinazioa bermatzeko.
Helburuak:
- Laguntza eta arreta behar duten adinekoek eta desgaitasuna duten pertsonek, bai eta euren familiek ere, laguntza eta arreta horiek osotasunean, era koordinatuan eta jarraitutasunez jasotzea, beraien ongizaterako eta bizi kalitaterako baldintzarik onenetan, eta, aldi berean, pertsonei ahalik eta independentzia eta autonomia mailarik handiena emanez.
- Metodologia berritzaileak (kasuen kudeaketa, pertsonarengan ardaztutako arreta integrala…) oinarritzat erabiltzen dituzten esperientzia pilotu horien bidez, ezarritako ereduaren eraginkortasunari eta efizientziari buruzko ezagutza sortzea.
Emaitzak
Esku hartzearen metodologiari eta sektoreen arteko koordinazioari lotuta, alderdi batzuek are balorazio hobea jaso dute, besteak beste, udal gizarte langileen (erreferentziako profesionalen) eskutik egiten den kasuen kudeaketaren metodoak. Izan ere, oso ondo balioztatzen dute eta jauzi kualitatibotzat jotzen dute, bai euren lanbide prestakuntzaren harira, bai, eta batez ere, metodologia horren bidezko esku hartzearen eraginkortasunaren harira. Kasuen kudeatzaileen eta osasun taldeetako erizainen arteko koordinazio soziosanitarioari dagokionez, batzuek nahiz besteek adierazi dute elkar aberastea lortzen dutela eta koordinatutako esku hartzeek eraginkortasun eta efizientzia handia izaten dutela.
Arreta soziosanitarioaren kontzeptu aldaketa azpimarratzen dugu, bereziki, elementu berritzaile moduan, arreta hori pertsonaren beharrizanen eta erabakien (pertsonarengan ardaztutako arreta integralaren ereduaren) arabera egituratzen baita.
Antolamenduari lotuta, kasuaren kudeatzailearen figura sortu izana da koordinazio soziosanitarioan aurrera egiteko elementurik berritzaileena. Oinarrizko gizarte zerbitzuak eta lehen mailako osasun zerbitzuak koordinatzen dituen udaleko gizarte langilearen esku dago eginkizun hori.
Laguntzari dagokionez, pertsonaren eta zaintzailearen beharrizanak ebaluatzeko tresnak dira azpimarragarriak, bai eta jasoko dituen zerbitzuak pertsonalizatzeko eta pertsonak berak esku hartzean parte hartzeko aukera eskaintzen duen Arreta eta Bizitza Plana ere.
Etxean Ondo egitasmoa oraindik bukatu gabe badago ere, esperientzia horretatik hainbat gomendio atera ahal izan ditugu, arreta zerbitzuak planifikatu eta kudeatzen direnean kontuan hartzeko:
- Hauskortasun edo mendetasun egoeran dauden pertsonen balorazioak integrala izan behar du. Horrela, bada, pertsonaren dimentsio bio-psiko-sozialak (gaitasun fisikoa, kognitiboa, egoera emozionala, osasuna, gizarte sarea, bakardadea, eutsitako indarguneak eta gaitasunak...) kontuak hartzeaz gain, beraren zaintzaile nagusia ere hartu behar da aintzat, gainkargak saihestu eta haren osasunean kalterik ez eragiteko. Gainera, etxeko irisgarritasun ezaugarriei ere erreparatu behar zaie, bai eta laguntza produktuak erabiltzeko komenigarritasunari ere. Zentzu horretan, mendetasun egoerari buruzko balorazioetan dimentsio horiek guztiak txertatzea gomendatzen da. Horri esker, esku hartzearen aurretik kasuaren diagnostiko osoa egin ahal izango da. Gomendagarria da, halaber, prozesu horretan Pertsonaren Bizitzaren Historia txertatzea, zerbitzuak pertsonalizatzeko funtsezko elementua baita.
- Etxeko laguntza zerbitzuak izan behar du hurbileko zerbitzu multzo baten —bazkariak, podologia, fisioterapia, ile apainketa, lagun egitea, garraioa...— euskarri nagusia eta, era berean, etxeko irisgarritasunari eta autonomia pertsonala bultzatzeari lotutako alderdien oinarria. Erabiltzaileek ondo baloratu dituzte zerbitzu horiek guztiak; haien esanetan, oso baliagarriak dira beraien bizi kalitaterako eta, beraz, kontuan hartu beharko lirateke, esparru horretako aurrekontua handitzeko.
Bestalde, zerbitzu horiek guztiak bateratu ahal izateko, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (EELZren) jarduera eremua zabaldu beharra dago. Komunitateko esku-hartzea areago garatu eta zerbitzu profesionalen eta baliabideen arteko koordinazioa sustatu beharra dago, berdin Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren edo lehen mailako gizarte zerbitzuen eskumena izan, edota hornitzaile pribatuen esku egon. - Telelaguntza zerbitzua, dela oinarrizko modalitatean, dela modalitate aurreratuan, EELZren arretarekin batera egituratu behar da, sinergiak eta onurak aprobetxatzeko. Horretarako, ondo ezagutu behar da zer prestazio dituen eta zer ezarpen egin behar den, behar denean arreta plan pertsonalizatuetan sartzeko. Erabiltzaileek balorazio ona egin diote zerbitzuari (modalitate aurreratuan nahiz oinarrizkoan), eta etorkizunean garatzeko kontuan hartzeko moduko potentziala du.
- EELZk funtsezko eginkizuna betetzen jarraituko du, LAPAD Legearen prestazioak jasotzeko eskubidea izan gabe etxeko arretaren premia dutenen kasuan, hain zuzen ere saihestu ahal diren mendetasunak ez agertzeko edo ez larriagotzeko. Ondorioz, oso gomendagarria da EELZk duen eginkizun hori begi-bistatik ez galtzea, alde batetik ongizatea sortzen duelako eta beste aldetik mendetasuna lehenago agertzea edo larriagotzea ekar lezaketen arriskuak prebenitu edo saihestea dakarrelako eta, horrela, egoera horrek eskatuko lituzkeen zaintza intentsibo eta garestiak ere saihesten direlako.
- Zaintzak era autonomoan antolatzeko prestazio ekonomikoaren alde egiten duten pertsonen laguntzari dagokionez, EELZren bidez ekintza osagarri eraginkor eta merkea egin daiteke. Adibidez, prestazio ekonomikoa duten pertsona guztiei Acompaña”programa eskaintzea. Etxean Ondo programaren esperientziak erakutsi du zerbitzu hori oso baliagarria dela; izan ere, mendetasuna duten pertsonek, eta batez ere haien zaintzaileek, oso balorazio ona egin diote. Programa horrek eginkizun bakoitza du familiei laguntzen: alde batetik, erabiltzailearen etxean bertan orientazioa eta prestakuntza eskaintzen du eta, beste aldetik, zaintzaileei atsedenaldia eskaintzen die intentsitate gutxiko EELZren bidez. Hortaz, beste helburu garrantzitsu bat osatzen du, hau da, familiak edo kontratatutako zaintzaile pertsonalak emandako zaintzen kalitatearen eta zaintzaile horren egokitasunaren ikuskaritza eta jarraipena egitea.
- Oso gomendagarria da koordinazio soziosanitarioaren esperientziekin aurrera egitea, gizarte eta osasun zerbitzuen jarduera bilduz, behintzat Kronikotasunaren Estrategian aurreikusitako geruzapenak mendetasun egoerarekin bat datozenean. Etxean Ondo proiektuko laginean arreta koordinatu hori jasotzeko aukera izan duten pertsonek oso ondo baloratu dute, eta esku hartzeetan parte hartu duten profesionalek (gizarte langileek eta erizainek) ere oso egokitzat jo dute. Etorkizunari begira, herri batzuetan abian jarri dena bezalako hitzarmenak lotuz gero, ekintza koordinatu hori egonkortu eta pixkanaka hedatzen joatea bermatuko litzateke.
- EELZko teknikariei kasuen kudeatzaile eta planifikatzaile eginkizuna betetzeko prestakuntza egokia eskaini behar zaie, zaintzen kalitatean eta familiako zaintzaileen laguntzan eta prestakuntzan eginkizun nagusia izan dezaten.
- Etxeetan egin beharreko zereginen arabera, laguntzaile pertsonalen “kategoriak” sortzea bultzatu beharko litzateke, horrek kostuak bereiztea ekarriko lukeelako. Etxeko lanak egitea komeni den kasuetan, prestazio ekonomikoa aurreikusi beharko litzateke, familian etxeko langile bat kontratatzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez duten kasuetarako.
- Familiek kontratatutako pertsonek hauskortasun edo mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko oinarrizko prestakuntza eskuratzeko biderik egokienak aztertu, eta lan egoera erregularizatuta ez dutenen egoera erregularizatzeko urratsak eman behar dira.
- Esku hartze komunitarioaren ikuspegitik —gizarte zerbitzuekin osatzea gomendatzen da—, gogoan izatea komeni da, oso garrantzitsua dela hauskortasun edo mendetasun egoeran dauden pertsonak gizarteratzea eta haien partaidetza bultzatzea. Era berean, adinekoek eta desgaitasuna dutenek gizartean eta komunitatean parte hartze handiagoa izatea bultzatu beharko litzateke herrietan.
- Etxean Ondo proiektu pilotua ezarri den herrietan egin den bezala, EAEko herritar guztien artean hedatu beharko lirateke diseinu eta irisgarritasun unibertsalaren kontzeptuak. Are gehiago, prozesua indartu egin beharko litzateke herri horietan eta gainerako lurralde guztietan.
- Kasuen kudeaketaren metodologia gizarte zerbitzuen esku hartzeetara eta arreta soziosanitariora zabaldu beharko litzateke, batez ere arreta luze eta konplexua eskatzen duten profilen kasuan. Etxean Ondo proiektuan lortutako ikaskuntzak eta emaitza onak metodo hori gara lezaketen figura profesionalen profilak eta eginkizunak zehazteko eta esku hartzeak kontzeptualizatzeko aprobetxa litezke, bai eta lanean hasi aurreko prestakuntzarako ere.
- Etxean Ondo proiektuaren esperientzian ikusi ahal izan denez, etorkizunari begira oso gomendagarria da prestazio eta zerbitzuen kontzeptualizazioak eta horiek eskuratzeko bideak arintzea, malgutzea eta prozesuei zeharkakotasuna eta arintasuna emateko sistemetan aurrera egitea.
Partzuergoa
Hona hemen diseinuan eta ezartze prozesuan parte hartu duten administrazio publikoak eta sektoreko beste enpresa batzuk:
- Eusko Jaurlaritza. Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
- Osasun Sailaren Gipuzkoako eta Arabako Lurralde Zuzendaritzak
- Donostiako, Tolosako, Oiartzungo, Zarautzeko eta Irungo udalak (Gipuzkoa)
- Añanako Kuadrillako hamar udal (Araba)
- Arabako Foru Aldundia
- Udalerri horietako guztietako osasun zentroak
- Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuen eta hurbileko beste zerbitzu batzuen hornitzaileak
- Autonomia Pertsonalerako Pilares Fundazioa, zuzendaritza teknikoaz arduratu dena
MATIA Institutua; Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetza hitzarmenaren bidez, proiektuaren laguntza teknikoaz eta proiektuan parte hartu duten udalerri guztietako koordinazioaz nahiz koordinazio orokorraz arduratu da.