RAPP
Proyectos
RAPP hiru urteko (2013-2016) proiektua da, eta Europako Batzordeak finantzatu du, FP7 programaren bidez. RAPP proiektuak software libreko plataforma eskainiko du, aplikazio robotikoak sortzen eta entregatzen laguntzeko. Zerbitzuen eta laguntzako roboten moldakortasuna eta erabilgarritasuna hobetzea da aplikazio robotiko horien xedea. Proiektu honetan, bazterkeria arriskuan dauden pertsonen eta, zehatzago, adineko pertsonen aginduak eta premiak robotei ulertaraziko dizkieten aplikazioak sortzen jarriko da arreta, robotak premia horiei erantzuteko gai izan daitezen.
Helburuak:
RAPP proiektuaren helburu nagusiak honako hauek dira:
- Aplikazio robotikoen garatzaileei azpiegitura eskaintzea, hezkuntza automatikoko eta ezaugarriak pertsonalizatzeko teknikak erraz sortu eta haien aplikazioetan ezarri ahal izateko.
- Aplikazio robotikoen gordailua sortzea, aplikazioak bertatik deskargatzeko, bai eta kontrola zein jarraipena egiteko informazio erabilgarria bertara igotzeko ere.
- Robotikan eta automatizazioan ezagutzak irudikatzeko eta arrazoitzeko metodologia sortzea, pertsonen, roboten edo beste sistema artifizial batzuen artean anbiguoak ez diren ezagutzak transferitzeko eta berrerabiltzeko.
- Aplikazio robotikoak sortzea, adineko pertsonen beharrei erantzun ahal izateko, haien pribatutasuna eta autonomia urratu gabe.
- Hautatu den ikuspegia kasu pilotuetako aplikazioen garapenaren bidez egiaztatzea eta baliozkotzea.
Emaitzak
RAPP proiektuaren xedeak dira: batetik, ikuspegi integratua zabaltzea, aplikazio robotikoak plataforma robotiko heterogeneoetarako diseinatzen eta ekoizten laguntzeko eta, bestetik, azken erabiltzaileen, hots, adineko pertsonen premiei erantzutea. Hori guztia lortzeko, lehenengo urtean prozedura inkrementala garatzeari ekin genion: azken erabiltzaileen beharrak kontu handiz bildu eta zehaztapen tekniko bihurtu genituen eta, azkenik, sistemen arkitektura eta diseinu orokorra egin genuen.
Lehenengo urteko lanari jarraiki, bigarren urtean honako lan hauek egin genituen: ordurako diseinatuta zegoen RAPP arkitekturako modulu guztiak teknikoki inplementatu, kasu pilotuak prestatu eta aplikazio robotiko goiztiarrak (RApp-ak) garatu eta ebaluatu. RAPP proiektuaren bigarren urtearen amaieran, osatuta genituen softwarearen osagai eta azpisistema gehienak. Hori dela eta, hirugarren urtean azken RAppak sortuko ditugu, aplikazioen behin betiko proba egingo dugu eta erabiltzaileen taldeen artean ebaluatuko ditugu.
Plataformako arkitektura orokorra egin eta argitaratzea izan da RAPP proiektuaren bigarren urteko lorpen berezia: plataforma robotiko heterogeneoetarako osagaietatik hasi eta komunikaziorako protokolo zehatzak edo maila handiko zerbitzuak hodeian egin arte. Arkitektura berri horretan, zehaztapen teknikoak ez ezik, RAPP proiektuaren erabiltzaileen eskakizunak ere hartu dira kontuan. Gainera, azterketa asko gainditu dira, bai proiektuan bertan, bai kanpoko prozeduren bidez (besteak beste, garrantzizko argitalpenen eta homologoen ebaluazioen bitartez).
Hezkuntza automatikoko osagaiei dagokienez, RAPP plataformako edota robot bakoitzeko AI moduluetako software osoa bukatu dugu bigarren urtean. Zehatz-mehatz, irudien prozesaketa batzuk, bide antolaketa, nabigazioa eta diskurtsora bideratutako algoritmo batzuk diseinatu, ezarri eta probatu ditugu, aplikazio robotikoen kanpoko garatzaileek eta RAppen azken bertsioaren erabiltzaileek balia ditzaten. Azkenik, HOP eta web komunikaziorako metodo estandarrak erabili ditugu web zerbitzuak garatzeko.
Bestalde, algoritmoak garatzeaz gain, RAPP API amaitu dugu, aplikazio robotikoak gai izan daitezen hodeian eta benetako robotetan zerbitzuak erakartzeko. RAPP API hori programatzeko lengoaiak C++ eta JS izan dira, baina alderdi teknikoan gogor jardun dugu, Pythonekin ere bateragarria izatera heltzeraino. Aipatu beharra dago RAPP plataforma eta RAPP API kode irekikoak direla, eta publikoki argitaratu direla, aplikazio robotikoen garatzaileak erakartzeko eta haien ekarpenaz baliatzeko. Bukatzeko, RAPP Store (denda) garatu dugu, eta RAppen azken bertsioak bildu eta eskainiko ditugu bertan.
RAPP erabiltzaileekin lotutako alderdiei dagokienez, RAppen eskakizunak eta zehaztapenak amaitzeko lana ere egin dugu. Hasierako eskakizunak eta zehaztapenak bildutakoan, RAppen hasierako bertsioak garatu genituen, eta inplikatuta dauden erabiltzaile taldeen laguntzaz ebaluatu. Ebaluazio horiek egiteko, erabilera kasuak zehaztu eta mugen eta bideragarritasunaren arabera lehenetsi genituen. Hasierako ebaluaziotik atera genituen ikasbideak egoki jaso ditugu, eta hirugarren urtean oso lagungarriak izango dira aplikazioak hobetzeko prozesuan.
Ezagutzak hedatzeko jardueretan kanal eta ekintza mota ugari erabili dugu: webgunea, hedabide sozialak, buletinak eta prentsako oharrak, hitzaldiak eta aldizkarietako argitalpenak. Ahalegin berezia egin dugu RAPP proiektuaren xede publikoa, adinekoak adibidez, erakartzeko. Horretarako, talde horri zuzendutako mintegiak eta demoak antolatu ditugu, bai eta interesdun alderdiek irakurri ohi dituzten aldizkarietan artikuluak argitaratu ere. Bigarren urtean, RAPP proiektua eta emaitzak sustatzeko, RAPP bazkideak kanpoko 20 ekitaldi eta bilera baino gehiagotan izan dira antolatzaile edo partaide (lehenengo urtean, 10 ekitaldi izan ziren). Bigarren urtean, gainera, RAPP aintzat hartzen duten 13 artikulu zientifiko argitaratu dira; RAPP proiektuaren webgunean zerrendatu dira.
Partzuergoa
RAPP proiektuak zortzi bazkide ditu, Europako bost herrialdetan (Grezian, Frantzian, Erresuma Batuan, Espainian eta Polonian), eta, besteak beste, ikerkuntzako institutuak, unibertsitateak, industriak eta ETEak dira. RAPP partzuergoan, arlo hauetan adituak diren kideak bildu dira: laguntzako robotikan, ikaste automatikoan eta datuen azterketan, mugimenduak antolatzeko eta irudiak ezagutzeko arloetan, softwarearen garapenean eta integrazioan, eta baztertuen arloan. Guztiak ere prest daude proiektuaren ondoriozko erronka tekniko eta sozialei aurre egiteko, eta konpromisoa hartu dute, premia bereziko pertsonei laguntzeko robotak trebatu eta egokitzeko modurik onenak bilatzeko. Amaitzeko, hauxe da gure asmo nagusia: Europan «merkatu inklusibo» berria ireki eta zabaltzea.
CERTH
Tesalonikako Aristoteles Unibertsitatea
Inria
Ormylia Fundazioa
Ortelio
Matia Institutua
Varsoviako Teknologia Unibertsitatea