Tourism4all
Proyectos
Aisia eta kultur zerbitzuen eskaera gero eta handiagoa da, dibertsitate funtzionala duten pertsonen segmentuan. Hortaz, pertsona horien premietara behar bezala moldatuta dauden kalitate bermedun zerbitzuak eduki behar dituzte helmuga turistikoetan. Bestalde, pertsona horiek osatzen duten segmentu turistikoa dela eta, helmuga turistikoek aukera dute jarduera dibertsifikatzeko eta turismoa urtaro zehatz batzuei baino gehiagori lotzeko. Gainera, biziki handi daitekeen merkatuko beste segmentu bat erakarriko dute. Aldaketa demografikoak direla, bidaiatzeko kulturaren gorakada dela, gora egin du merkatu osoko turismoak.
Aurten, Turismo Irisgarrirako Gomendioak onartu ditu Turismoaren Mundu Erakundeak. Txostenean aipatzen duten bezala, 2012an mila milioi nazioarteko pertsonak bidaiatu zuten; eta herrialdeetan gero eta gehiago sustatzen ari da turismoa, garapenerako estrategiatzat hartuta. Turismoak era eraginkorrean bultzatzen ditu ekonomia eta hazkunde inklusiboa, lanpostuak eta ongizatea sortzen baititu komunitateetan.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (2011), munduan bilioi bat pertsona inguruk dute desgaitasunen bat. Horrek esan nahi du munduko biztanleen % 15ek desgaitasun fisiko, mental edo sentsorialen bat dutela.
Horrez gain, biztanleen zahartzea ere aintzat hartu beharrekoa da. 2009an, 730 miloi pertsona baino gehiago 60 urtetik gorakoak ziren; biztanleen % 10, beraz. 2000. urteaz geroztik, % 20tik gora hazi da datu hori. 2050. urterako, 60 urtetik gorako pertsonen kopurua % 20 handiagoa izango da munduko biztanlerian, eta bosten bat 80 urtetik gorakoa.
Osasunaren Mundu Erakundeak 2011n argitaratu zuen World Disability Report txostenean (munduko desgaitasunari buruzkoan) adineko pertsonen kopuruaren gorakadak eragina izango du desgaitasunen prebalentzian ere. Beheko irudian erakusten da 45 urte edo gehiago dituzten pertsonen desgaitasunen prebalentzia gizonen artean baino handiagoa dela emakumeen artean.
Dena den, adineko pertsonekin batera, kontuan hartu beharko dira diseinu unibertsalari onurak atera ahal dizkioten beste talde batzuk ere; zehazki, zenbait arrazoi direla medio bizitzako garai batzuetan gaitasunak murriztuta dituzten kolektiboak: haurrentzako kotxea daramaten pertsonak, haurdunak, lesio jakin bat duten pertsonak, gaixotasun kronikoak dituztenak…
Horrela, bada, ia gizarte osoari egingo diote mesede irisgarritasunean eginiko hobekuntzek, eta, zehatz-mehatz, turismo irisgarria bermatzeko egingo direnek. Gainera, turismoko zerbitzuak dibertsitate funtzionala duten pertsonen ezaugarrietara moldatuta eta, esan bezala, bidaiatzeko kultura handituta, gero eta pertsona gehiagok bidaiatuko dute, irisgarritasun premiak eduki arren.
EAEn, Turismo Sailburuordetzaren bidez, hasi gara jada Turismo Irisgarriaren Programan guztiontzako turismoari lotutako estrategia garatzen; hala eta guztiz ere, zenbait zerbitzutan ez dago erreferentzia eredurik: garraioetan, kultur ekitaldietan, museoetan, natura inguruneko turismoan edo turismoan oinarrituta dauden bizipenetan. Tourism4All (turismoa guztiontzat) proiektuan kontuan hartuko dira zerbitzu eta premia berri horiek. Horrenbestez, batetik, erreferentziako eredu osoa sortuko da, eta zehaztu diren bost ibilbideetan jada ezarrita dauden paketeak are gehiago garatuko dira; bestetik, ibilbide bat diseinatuko da Euskal Herriko Goierri aldean.
Helburuak
Kalitatezko turismo irisgarria eskaintzeko alderdi nagusiak lantzen dira Tourism4All proiektuan. Azken sei urteotan garatu da lan hori, eta asmo handiko helburuak ezarri dira:
- Turismoaren balio katearen irisgarritasun estandarra osatzea eta zabaltzea. Euskal Herrian turismoarekin lotutako irisgarritasun estandarrean, bost dibertsitate funtzional hartu dira kontuan: fisikoa, ikustekoa, entzutekoa, intelektuala eta organikoa. Kate maila bakoitzaren ezaugarri objektiboak bereizi dira estandarrean, dibertsitate funtzional bakoitzari kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko. Gainera, turismoko azpiegitura bakoitzaren egokitasuna ebaluatzea ahalbidetzen du, eta kalifikazioa ere ematen du, trafikoko argien koloreak erabilita.Estandar hori kateko zenbait mailatarako diseinatu da, eta bost azpiegitura gehiagotara hedatu behar da, kate osoari heltzeko.
- Balio kateko langileen gaitasunak hobetzea. Dibertsitate funtzionala duten pertsonak behar bezala zaintzeko eta irisgarritasun fisikoa bermatzeko behar diren gaitasunak ezinbestean menderatu behar dituzte balio kateko langileek, guztiontzako turismoa benetan eskainiko bada. Prestakuntzako materialak hobetu eta langile moten arabera egokituko dira. Horrez gain, trebatze ikastaroak ere emango dira.
Alderdi teorikoa osatzeko erabiliko da alderdi praktikoa: irisgarritasunean aditua den pertsona bat azpiegiturara joango da, irisgarritasunari buruzko ikuskaritza egitera, estandar horretan oinarrituz. - Dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzendutako pakete turistikoak sortzea. Proiektu honetan sei turismo helmuga landuko ditugu, eskaintza turistiko zehatza sortze aldera. Arlo publikoaren eta arlo pribatuaren arteko lankidetza bermatuko da, bizipen turistikoaren balio kate osora heltzeko. Helburu horretan, turismoaren erakargarritasuna eta irisgarritasun maila hartuko ditugu kontuan. Zer pakete diseinatzen den, beharrezkoa izango da balioaren kateko establezimenduen eta zerbitzuen informazioa betetzea eskaintza bakoitzean. Urrats horretan, irisgarritasunari buruzko diagnosia egingo dugu, baita prestakuntza antolatu ere —prestakuntza nahitaezkoa izango da paketeetan—.
- Eskaintza sustatzea eta merkaturatzea. Sei helmugekin elkarlanean arituz eskaintza turistikoa diseinatuta dagoenean, eskaintza sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzak egingo dira:
- Paketeak merkaturatzeko bide estandarrak zehaztu, haiekin harremanetan jarri eta paketeak bide horietan sustatzea. Preskriptore nagusiak, azokak eta bidaia agentziak, bilatuko dira, eskaintza bertan iragartzeko. Kate horiek publiko orokorrari zuzentzen zaizkie, eta horixe da helburuetako bat: pertsona guzti-guztiek aukera izatea, turismoa sustatzeko webguneak, bidaia agentziak eta abar bisitatzeko eta eskaintza hau aurkitzeko.
- Paketeak merkaturatzeko bide zehatzak zehaztu, haiekin harremanetan jarri eta paketeak bertan sustatzea. Eskaintzari onurarik handiena aterako dioten pertsonak aurkitzen saiatuko gara; horretarako, eskaintza sustatzeko asmoz, harremanetan jarri beharko dugu preskriptore espezializatuekin, azokekin, bidaia agentziekin, adineko pertsonen elkarteekin, dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkarteekin eta abarrekin.
Emaitzak
Euskadin turismo irisgarriko eskaintza sendoa sortzeko beste urrats bat da Tourism4all proiektua. Dibertsitate funtzionala duten bisitariak gurera datozenean informazio fidagarria eta osoa eskaintzea du xede.
Orotariko eskaintza zabala hartzen duten sei proposamen prestatu ahal izan dira, era guztietako baliabide eta jarduerak bilduta eta laguntzaile pertsonalen eta laguntzarako produktuak eskaintzen dituzten enpresen sare sendoaren laguntzarekin. Eskaintza hori prestatzeko, nazioartean egindako jardunbide egokiei buruzko azterketa, irisgarritasun eredu berriak, baliabideei emandako prestakuntza eta egindako irisgarritasun diagnostikoak hartu dira aintzat. Horri guztiari esker, bidaiariek esperientzia atsegina izango dute, desgaitasunari lotutako kontuekin arduratu gabe.
Edozein desgaitasun edukita ere, pertsona guztiek izango dute sei helmuga esanguratsu (hondartza, hiria, landa eremua nahiz mahastiak) bisitatzeko aukera, kalitatea, segurtasuna eta erosotasuna bermatuta. Zehazki, EAEko hiru hiriburuak (Bilbo, Donostia eta Gasteiz), Zarautz, Goierri eta Arabako Errioxa bisitatzeko aukera eskainiko da.
Partzuergoa
- Matia Institutua
- Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea
- Donostia Turismoa
- Zarauzko Turismo Bulegoa
- Goierri Turismoa
- Bilbao Ekintza tokiko enpresa erakunde publikoa
- Azul Marino Bidaiak
- Gasteizko udala